XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.2.1. Kritikari ematen dion tratamendua penagarria da.

Badabiltza hemen batzuk, ez dakit Mitxelenak kritikatzen dituen adulatzaileetakoak ala zer, garai bateko kritikaren bikaina, ugaria, etab. goratuz (Egan), oraingoaren eskasari alderatuz; problema faltseatuz, egia esateko.

Kantitateak oso erraz konpara litezke: aski da numeroak ateratzea.

Orain, kritikan, orduan baino firma gehiago, artikulu gehiago eta letra-masa gehiago daukagu (zer kritikatu gehiago ere).

Gezur hutsa da, beraz, kritikarik ez dagoela.

Egon ere agian ez dago, egon behar lukeenaren aldean; baina beste edonoiz eduki dugunaren aldean bai, badago, eta ez gutxiago, esaten denaren kontra.

Egon, inoiz baino dexente gehiago dago.

Kalitatea beste gauza bat da.

Baina nire inpresioa da, hor ere faltseatu egiten dela, iragan denborak loriatzeagatik.

Lehenengo, Mitxelena (kritiko literarioa) bat da eta lehen ere bat zen.

1960 aldera Mitxelena geneukan, kritiko bat; baina kritika, zer kritika geneukan (Mitxelena aparte)?.

Suerte piska batekin beti da posible Matxinbentatik munduko biolinista hoberena ateratzea, Yehudi Menuhim bera baino askoz hobea: horregatik ez daukagu esaterik, Euskal Herria musikan eta bereziki biolin musikaren kultiboan oso ondo dabilenik.

Nik ez dut uste 1960 edo aldera euskal kritika hobe zebilenik orain baino.

Gero, Mitxelenak ere denetik zeukan: kritika onak, ez hain onak, oso konbentzionalak, orain ere mila egiten diren modukoak (eta halaxe izan behar, edozein huskeriatxo reseinatu beharra bait zegoen: klasiko bat, eta gero bederatziurren bat) eta batzuk monumentalak, historikoak.

Ez diot nik Mitxelena kritikoari ezer kendu nahi (are gutxiago, nik neuk zenbat zor diodan ondo dakidala).

Baina, hirugarren, bereizi beharra dago: orduan beste fase batetan zebilen euskal literatura.

Kritikak ere beste funtzio bat zeukan, egin ere beste modu batetan egiten zen (aldera, esaterako, Leturiaren egunkari ezkutua-ri kritikak orduan ematen zion trataera eta oraingo kritikak ematen diona).

Ez zen kasualitatea izan, justu gure hizkuntzalari hoberena izatea gure kritiko hoberena.

Orain, ordea, produkzio literarioan bertan beste problematika bat dabil: beste modu batetan planteatzen da kritika ere.

Orduko kritika-modua ondo zegoen orduan: nik ez dakit orain asko balioko ote lukeen.